XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez? Eta nola ez zituen Jainkoak Adame eta Heba kreatu?
- Zuk zeinbat guraso dituzu?
- Bi.
- Zeinbat aiton-amona?
- Lau.

- Hauek zeinbana guraso?
- Bina.
- Belaunaldi bakoitzean zure asaben lumeroa doblatu egiten da. Ezta?
- Hala dirudi.

- Zuek, apaizok, esaten duzue, Jainkoak gizona kreatu zuela orain sei mila urte. Beraz ehun urtek hiru belaunaldi dituztela ikusirik, zu kreatzeko zeinbat persona kreatu zituen?

- Ez dut kontu hori inoiz atera.
- Nik esanen dizut nola kontu hori atera.
- Nola?
- Bi, ehun eta hirurogeta hemeretzigarren potentziara jasoa.

- Eta hori asko da?
- Hamazortzi oktiloi eta gehiago.
- Hainbeste?

- Bai. Eta hori zuk behin haur bat hil zenezan. Pentsa zazu munduan hiru mila miloi persona daudela. Bat kreatzeko hamazortzi oktiloi behar baziren, hiru mila miloi kreatzeko zeinbat behar ziren? Arin: bider . Zeinbat da? Arin multiplika zazu.

- Zer deritzazu naizela ni? Elektronik-ordenatzaile bat edo?

- Multiplika zazu arin, bestela makila honekin burua apurtuko dizut, eta honela nigan egin zenuen bidegabea pagatuko duzu!

- Zu Paulo Amantegi zera, ezta?
- Ez!
- Ez? Nor zera orduan?
- Petri Motzen espiritua, kontu eske natorrena!

Eta gizonak bere makulua altzatzen du buruaren gainetik. Gero kolpe izugarri bat ematen du. Baina Eztebe oraindik oso gaztea da, eta alde batera makurtzen da. Makuluak atearen kontra jotzen du, eta bi zatitan erdibitzen da. Egin duen indarraz lurrera eroritzen da gizon errena, eta han geratzen da mugitu ezinez.

Gogo lotu-ezin bat formatzen zaio bihotzean Ezteberi, beste makulua gizon eroriaren buruaren gainean apurtzeko. Baina haren begiak ikusten ditu, eta negarrez beterik daude. Haur inuzent baten begi ikaratuak dira, bildurrez eta herabez beterikako begiak. Irauli egiten zaio bihotza Ezteberi, begi haiek Petri Motzen begiak ekartzen dizkiotela gogora.